2009-05-10

LUIS MORONDO, GIZON PAREGABEA

Ostiralean, Luis Morondoren jaiotzaren urteurrena zela ospatzeko homenaldi polit bat egin zen Baluarten, non bere bizitza azaltzen zuen bideo bat jarri zen eta berak sortutako abesbatzak kontzertu bat eman zuen.
Bere bizitzaren laburpen txiki bat egingo dizuet, berataz zertxobait jakiteko.
Luis Morondo Urra, Garesen 1909ko maiatzak 9an jaio zen eta Iruñean 1983an hil zen. Musika ikasketak Iruñean hasi, eta Bilbon jarraitu zituen. 14 urterekin Gareseko Orfeoia zuzentzen hasi zen eta 19 urte zituela, Castro-Urdialeseko abesbatzako zuzendari izateko oposaketak irabazi zituen. Abesbatza honekin 10 lehiaketetara aurkeztu eta horietako 8tan 1go saria jaso zuen eta beste bietan 2. eta 3. sariak lortu zituen.
Iruñeara itzuli zenean, Santa Cecilia orkestrako zuzendaritza hartu zuen eta 18 urtez 300 kontzertu inguru eman zituen. Honekin batera, Iruñeako Orfeoiako zuzendari ordea izendatu zuten. Baina 1946a izan zen bere proiektu nagusienari hasiera eman zion urtea: Abesbatza berri bat sortu zuen, Iruñeako Ganbara Korala. Abesbatza honekin Europa, Amerika eta Afrikan barna ibili zen kontzertuak ematen eta urte gutxitan munduko festibal eta antzoki garrantzitsuenetan parte hartzea lortu zuen: Buenos Aireseko Kolon Antzokian, New Yorkeko Metropolitan Housen, Vienako Konzerthausen, besteak beste. 100 disketatik gora grabatu zituen, RTV, Philips, Columbia… zigiluekin.
1983an, hil ondoren, Iruñeako Udalak homenaldi bat antolatu eta Iruñeako urrezko domina eman zion.
Iruñean eta Castro-Urdialesen kale bat dago bere izenarekin, Garesen enparantza bat eta Barañaingo Musika Eskolak bere izena darama.
Batzuk jakingo duzuen bezala, Luis Morondo nire aitona zen; honek pista handia emango dizue musikarekiko zaletasuna nondik datorkidan asmatzeko.

No hay comentarios: