2009-05-31

FESTA BATETARA GONBIDATUAK ZAUDETE

The Royal House of England and the King Jorge II invite to the students of the Paz de Ziganda Ikastola to the party that will celebrate in Green Park the 27 of April of 1749.


Hona hemen Jorge IIak, Inglaterrako erregeak, Akisgrango Bakea ospatzeko Paz de Ziganda Ikastolako ikasleei bidalitako gonbidapena. Gerra luze baten ondoren pozik hartu dute ingelesek pakea, eta ohitura den bezala, erregeak gorteko musikariari, G.F. Haendeli, konposizio berezi bat eskatu dio ospatuko duen festan jotzeko. Haendelek Music for the Royal Fireworks (Su Artifizialetarako Musika) musika lana konposatu du.
Batenbatek burua galdu dudala usteko du... lasai, ez dudala uste XVIII. mendean bizi garenik. Besterik gabe, nire imaginazioa hegan egiten utzi dut...
Baina errealitatera itzulita, esango dizuet, 1749ko apirilaren 27an Londresen egindako festa horretan inork ezin izan zuela Haendelen suite osoa entzun. Dirudienez gonbidatuek harrapaladan ihes egin behar izan zuten Green Parken sute handi bat sortu zelako su artifizialen ondorioz.
Batenbatek etxean ikasteko orduan erritmoarekin zailtasunak zituela esan zidanez, entzunaldi honekin laguntzea espero dut. Ez zaitezte saiatu txirularekin batera jotzen beste tonalitate batean baitago.

2009-05-25

LA LISTA DE SCHINDLER PELIKULAREN MUSIKA


La lista de Schindler, Steven Spielbergek 1993an zuzendutako pelikula bat da. Bertan, Oskar Schlindler, Holokaustoan poloniako mila judutar inguru salbatu zituen enpresari alemaniarraren biografia kontatzen da. Nazien Alderdiaren partaide honek, Polonian, frabrika bat sortu zuen eta lanesku merkea izateko Cracoviako ghettotik langile judutarrak lortu zituen. Denborarekin, judutarrekin egiten ziren astakerietaz oharturik, bere fabrikan lan egingo zuten judutarrak erostea erabaki zuen, heriotzatik ahalik eta gehien libratzearren. Horren ondorioz, Schindlerrek bere dirutzaren zati handi bat galdu zuela diote.
Pelikula honetako musikak oskar bat irabazi zuen 1993an eta John Williamsek konposatu zuen. Askori konposatzaile honen izena ezaguna egingo zaizue. Nork ez du Harry Potter, Indiana Jones, Superman, La guerra de las galaxias eta Parque Jurásico pelikuletako musika noizbaitean entzun? Pelikula hauen musika ere Williamsena da. Izen hau beraz, ikasi behar diren hoietako bat da.
Hona hemen beste bideo bat, oraingo honetan Katica Illenyi bibolinjolearekin.

2009-05-22

ABESBATZA AMMA MUTILBAN


Gaur arratsaldean Ikastolako Abesbatzakoak bisitan joan gara Amma Mutilba zaharretxera. Heldu garenerako agure guztiak genituen zai, eta hasiera batean nahiko moztuak bageunden ere, lehenengo aldia baitzen horrelako publikoaren aurrean abesten genuela, gero oso gustora sentitu gara eta oso lasai abestu dugu. Hainbeste gustatu zaie, kontzertua errepikaarazi digutela eta poz pozik jarri dira batzuk berriro eszenatokira igotzen ikusi gaituztenean. Kontzertua bukatu denean, agure batzuekin hitzegiteko aukera izan dugu eta beraiekin argazkiak atera ditugu. Abesbatzako batzuk ere, agureak bere logelatara lagundu dituzte kontzertua amaitzerakoan. Esperientzia polita eta aberasgarria iruditu zait, bai haiendako eta baita guretzako ere. Datorren ikasturtean errepikatzea espero dut.
Argazkiak ikusteko klikatu hemen.

2009-05-20

ABESBATZA TOLOSAN



Gaur goizean Ikastolako Abesbatzakoak Tolosara joan gara kontzertu bat ematera. Goizeko bederatzietan Laskorain Ikastolara abiatu gara, ze pozik zeuden batzuk klaseak galdu behar zituztelako. Hara ailegatu eta Laskorainekoek 5 abestietako emanaldi bat eskaini digute; jarraian Paz de Zigandakoek beste 5 abesti kantatu ditugu. Eta badakizue, kontzertu on baten ondoren, hamaiketako on bat. Ze nolako txistorra bokatak!!! Denak errepikatzeko gogoekin gelditu gara (denak, denak... esateko modu bat da, baten batek bi bokata lortu baititu, ezta?). Pena izan da Laskorainekoek klaseak zituztela eta 12:00ak aldera joan behar izan dutela, baina hantxe gelditu gara Paz de Zigandakoak lasai majo Ikastolako patioan. Eguraldi ezin hobea izan dugu jolasean eta tertulian egoteko. Belardi txiki batean bazkaldu, gauzak bildu eta Ikastolara itzuli gara, egun zoragarri bat pasa ondoren.
Argazkiak ikusi nahi badituzue klikatu hemen.

2009-05-11

HE & PZ

HE & PZ, musika talde berriren bat edo??? Ba ez! Seguruenik batenbatek asmatu duela iadanik izenburu honen esanahia: Hilarion Eslaba musika eskolako metal eta perkusio taldea eta Paz de Ziganda Ikastolako abesbatzaren batura. Zer dela eta?, pentsatuko du despistaturen batek... Maiatzak 8an, Paz de Ziganda Ikastolan bi talde hauek kontzertu bat emateko elkartu zirelako arratsaldeko bostetan. Lehenik Ikastolako abesbatzak 5 abesti kantatu zituen, hoien artean, Niska Banja, El Rey león... Ondoren Hilarion Eslabakoek jo zuten, abestirik ezagunena Piratas del Caribe izan zelarik. Bukatzerakoan jantokian lunch txiki bat egon zela esan didate, pena galdu nuela presa handia bainuen.
Kontzertuko argazki guztiak ikusi nahi badituzue klikatu hemen.

2009-05-10

LUIS MORONDO, GIZON PAREGABEA

Ostiralean, Luis Morondoren jaiotzaren urteurrena zela ospatzeko homenaldi polit bat egin zen Baluarten, non bere bizitza azaltzen zuen bideo bat jarri zen eta berak sortutako abesbatzak kontzertu bat eman zuen.
Bere bizitzaren laburpen txiki bat egingo dizuet, berataz zertxobait jakiteko.
Luis Morondo Urra, Garesen 1909ko maiatzak 9an jaio zen eta Iruñean 1983an hil zen. Musika ikasketak Iruñean hasi, eta Bilbon jarraitu zituen. 14 urterekin Gareseko Orfeoia zuzentzen hasi zen eta 19 urte zituela, Castro-Urdialeseko abesbatzako zuzendari izateko oposaketak irabazi zituen. Abesbatza honekin 10 lehiaketetara aurkeztu eta horietako 8tan 1go saria jaso zuen eta beste bietan 2. eta 3. sariak lortu zituen.
Iruñeara itzuli zenean, Santa Cecilia orkestrako zuzendaritza hartu zuen eta 18 urtez 300 kontzertu inguru eman zituen. Honekin batera, Iruñeako Orfeoiako zuzendari ordea izendatu zuten. Baina 1946a izan zen bere proiektu nagusienari hasiera eman zion urtea: Abesbatza berri bat sortu zuen, Iruñeako Ganbara Korala. Abesbatza honekin Europa, Amerika eta Afrikan barna ibili zen kontzertuak ematen eta urte gutxitan munduko festibal eta antzoki garrantzitsuenetan parte hartzea lortu zuen: Buenos Aireseko Kolon Antzokian, New Yorkeko Metropolitan Housen, Vienako Konzerthausen, besteak beste. 100 disketatik gora grabatu zituen, RTV, Philips, Columbia… zigiluekin.
1983an, hil ondoren, Iruñeako Udalak homenaldi bat antolatu eta Iruñeako urrezko domina eman zion.
Iruñean eta Castro-Urdialesen kale bat dago bere izenarekin, Garesen enparantza bat eta Barañaingo Musika Eskolak bere izena darama.
Batzuk jakingo duzuen bezala, Luis Morondo nire aitona zen; honek pista handia emango dizue musikarekiko zaletasuna nondik datorkidan asmatzeko.